No es posible encontrar poesía en la baba de una lombriz

Buffalo + Oso + Puerto Esperanza + Cohen @Mogambo | marzo 16, 2011

Jatorriz musikazuzenean atarian publikatua:

Musika onaz gozatzeko parada eskaini zigun beste behin Trintxerpeko Mogambo aretoak. Euskal Herriko bi talde —Buffalo eta Cohen— eta Kataluniako beste bi —Oso eta Puerto Esperanza— ikusleak animatzeko gogoarekin genituen, eta gu, nola ez, prest. Larunbata izaki, eta Donostialdeko hainbat aretotan kontzertuak antolatuta zeudela jakitun, oso jende gutxi azaldu zen Mogambora. Denetara, 30 bat musikazale egongo ginen. Lastima, benetan. Dena dela, horrek ez zuen ikuskizuna txikituko.

Taula gainera igotzen lehenengoak Buffalo hirukote zarauztarra izan ziren. Guk ez genituen ezagutzen, eta segituan txundituta utzi zigun bere jazz-rock instrumentalak. Oso gazteak dira, baina hasieratik argi utzi zuten ez direla hasiberriak. Abesti bakoitzari nortasun berezia ematen diote, eta influentzia sorta zabala nabari daiteke; sarritan jazz ukituekin, besteetan funk doinuekin, baita ere post-rocketik hurbil. Taldekide bat goraipatzearren, David Gorospe bateria aipatu behar dugu; ikusgarria gazte honek baketekin dituen dohainak. Gainera, hobera egingo du, Amerikako Estatu Batuetan bateriari buruzko master bat egitera doalako. Gorosperen lan onak ez du beste bi taldekideen ekina itzali behar: Joseba Ederra baxujoleak presentzia handia hartu zuen kontzertuan zehar, eta Ander Ederra gitarristak ederki josi zituen erritmo desberdinak. 45 minutuko emanaldia amaitzean, hipnositik atera eta beraiekin hitz egin genuen. Diskarik duten galdetu genien, eta euren maketa oparitu ziguten. Esker onez hartu genuen, etxean ere euren musikaz gozatzeko. Etorkizuna dute, eta merezi dute sona gehiago lortzea.

Hurrengoak Oso izan ziren. Folk-rock estiloan koka dezakegu hirukote hau. Abesti akustikoak eta elektrikoak tartekatu zituzten, eta une rockeroenetan iritsi ziren taldearen momentu gorenak. Halere, abesti hunkigarriren bat entzuteko aukera ere izan genuen, eta Bon Iver bezalako musikariak gogorarazi zizkiguten. Abestiren batean banjoa, saxofoia eta guzti animatu ziren. Tamalez, eta oso kontzertu ona eman zuten arren, ez zuten entzuleen arreta bereganatu. Tamalgarria izan zen oso bat baino gehiagok izan zuen jarrera: builaka eta barrezka, musikariak zein entzuleak haserretzeraino. Momentu batean abeslariak jendearen “isiltasuna eskertu” zuen. Normala.

Eta zintzurra beste behin bustitzeko tartea hartu ondoren, Puerto Esperanzaren txanda izan zen. Oso bezala, kataluniarrak hauek ere. Gainera, Osoko bi kidek Puerto Esperanzan jotzen dute. Aurrekoak folk-rock estiloan kokatu baditugu; Puerto Esperanzak jorratzen duen estiloa rockeroagoa da, ukitu latino nabarmenekin eta zenbait abestitan post-hardcoretik gertu. Gitarrak, baxuak, bateriak eta saxofoiak osatzen dute laukotea, eta azken horrek protagonismo handia du abesti guztietan. Txundituta utzi zigun bere mugimenduekin eta erritmoekin. Kontzertu ona eman zuten, eta txaloka agurtu genituen. Baina beste behin entzuleak izan behar ditugu hizpide. Osorekin jendea hizketan bazegoen, Puerto Esperanza ikusten lau katu egon ginen; eta ez da hitz egiteko era bat. Lehenengo abestia hasi zenean sei pertsona ginen, eta ez ginen hamar lagun baino gehiago bildu kontzertu osoan. Beste guztiak barra aldean geratu ziren, berriketan; Cohen noiz hasiko itxaroten. Ez naiz inor etika ikastaroak emateko, baina ziur jarrera hori ez zela batere samurra izan musikarientzat.

Eta, azkenik, Cohen urnietarren erakustaldia etorri zen. Egunetik egunera sendoago daude, eta euren kontzertuak gero eta hobeagoak dira. Oso motibatuta ikusi genituen Mogamboko taulagainean. Berriki jakinarazi dute Charles bateriak taldea utziko duela; eta bere azken kontzertuak oso bereziak dira laukotearentzat. Charles hasieratik izan da Coheneko kide, eta hutsune handia utziko du. Dena den, hutsune hori beteko duen pertsonaren bila dabiltza Cohenekoak. Ea zortea lagun duten eta pertsona apropos hori laster aurkitzen duten. Kontzertu motza, baina itzela ikusi genuen; indarrez betea. Taldekoen gogoa barneratu zuten zale guztiek, eta bat baino gehiago ikusi zitekeen abesten eta burua astintzen. Kontzertua erritmo bizian zihoala, oharkabean azken abestietara iritsi ginen. Horietako batean Yaw taldeko Duoren laguntza izan zuten Converge taldearen bertsio bat abesteko —oihukatzeko—. Egundoko kontzertua. Txalo artean agurtu genituen, ikuskizunarekin pozik. Taldekoak ere gustura geratu zirela zirudien, gainera.

Ez dut kronika amaitu nahi Mogamboko guztien iniziatiba goraipatu gabe. Lan bikaina egiten ari dira, eta beraiei esker hamaika talde on ikusteko aukera daukagu astero. Gainera, inon gutxi ikus daitezke horrelako prezioak barran —1€ garagardo, kalimotxo zein freskagarriak—. Pena izan zen hain lagun gutxi animatu izana; areago Donostiako tabernak hainbeste arazo izaten ari diren egunotan.

Norbaitek talde hauen musika entzun nahi badu, hemen dauzka euren myspace-ak:
http://www.myspace.com/bandbuffalo
http://www.myspace.com/osoporoso
http://www.myspace.com/puertoesperanza
http://www.myspace.com/cohenmusika

Hurrengo kontzertura arte. Izan musika lagun

 

 

Advertisement

Dejar un comentario »

Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

Logo de WordPress.com

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Cambiar )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Cambiar )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Cambiar )

Connecting to %s

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.